ZER DA BIODANTZA?

Biodantza: Bizitzaren dantza

Victor NUÑEZ
Yogako irakasle kolegiatua eta Reikiko terapeuta. Biodantza Oraineko koordinatzailea. ; Itzulpena: Zuriñe Velez de Mendizabal


Rolando Toro Araneda psikologo eta antropologo txiletarrak 60. hamarkadaren erdialdetik aurrera, ospitale bateko gaixo psikikoekin antropologia klinikoaren esparruan eta musikaren bidezko ikerketa burutu zuen.
Rolando musikaren ahalmen deflagratzaileaz jabetu zen, gorputzek estimulu horien aurrean duten irazkortasunaz, eta diziplina berri baten hasiera izan zen. Orduan, inork ezin zezakeen pentsatu berrogei urte eta gero milaka pertsonen bizimoduak eraldatuko zituen proposamen hark mundu osoan izango zuen oihartzuna, ezta Rolando berak ere. Rolando Torok 2010eko otsailean utzi zuen mundu hau, izarrekin betiereko dantzaldia hasiz.

 

Bizitzaren zientzian oinarritutako diziplina


“Bizitzaren dantza” moduan definitzen da Biodantza. Bere izena, zientzia alor anitzetako elaborazio zabal batetik hartzen du, eta berrogei urteetan zehar mediku, zientifiko, filosofo eta artista ugarik eginiko etengabeko ikerketei esker, berezko eredu teorikoa daukala esan daiteke. Ez da kontzeptu esoterikoetan oinarritzen, eta egun giza eta bizitzaren zientzien hedapena moduan ulertzen da. Biologia, psikologia, antropologia, soziologia, mitologia, artea eta musikaren ezagutzak jasotzen ditu irakasleak bere formazio prozesuan. Gizakia gauza guztien muina denaren ustea baztertu eta bizitza bera unibertsoaren motor moduan hartzen du.
Musika, dantza eta mugimenduaren bitartez bizipenak eragitea da bere teknika. Taldean egonez elkartze egoerak sorrarazten dira, hala, konfiantzazko giroa sortu eta modu afektibo, espontaneo eta sortzailean euren arteko erlazioak bizi ditzakete parte hartzaileek. Biodantzak asteroko praktika eduki dezake –taldean– baina tailer trinkoak ere egin daitezke asteburuetan. Parte hartze jarraitua eskatzen du, eta hiru maila ditu: hastapen, sakontze eta bizipenaren erradikalizazio tailerrak. Halere, ondorio eta onurak modu erregulatuan nabaritzen dira.
Biodantzan, diziplinaren luzapen edo espezializazioak ere badaude, eta medioarekin –uretako biodantza–, osasunarekin –biodantza klinikoa–, zein fobia edo beldurrak gainditzearekin –Minotauro proiektua– dute lotura. Enpresa eta antolakuntza arloan ezartzeko espezializazioak ere garatu dira.
Egun, zenbait zientzia eta medikuntza aditu ezagunek, biodantzak pertsonen osasunaren eta modalitate hau praktikatzen dutenek hobera egitearen arteko erlazioa bermatzen dute.

Biodantzaren onurak

Zenbait ariketek gure nerbio–sistema sinpatikoan eragiten dute. Hala, gure lanerako gaitasuna, barneko indarra eta inguruneari ematen diogun erantzuna optimizatu egiten dira, geure beldur existentzialak, larritasunak eta gizarte–fobiak urrituz.


Biodantza sendagarria da



 Beste ariketa batzuek nerbio–sistema parasinpatikoan dute eragina eta erlaxazio, atseden, elikadura, plazer eta estresik ez edukitzeko gaitasunean eragiten dute.
Eredu teorikoaren barruan, bizipenaren lerroa erabiltzen du, benetan garrantzitsua eta aldi berean berritzailea dena. Hala, garapen eta sustapenaren bidez, lo zeuden ahalmenak esnatuko dira.
Biodantzak maila molekularrean dauka inplikazioa, eta Rolandok psikismo zelularraren kontzeptua garatu zuen, bizirik dagoen organismoari eta bereziki zelulei, bizi inkontziente estatusa emanez.
Ahalmen hauek esnatzea, hots, lo dagoen kontzientzia hori askatzea da biodantzak bilatzen duena. Gizon eta emakumeok bizipen ezberdinetan ditugun espresio, integrazio eta garapenari mesede egiten dio. Bizkortasuna, kreatibitatea, sexualitatea, afektibitatea eta transzendentzia dira sustatzen diren bost arloak, eta Bizitza babesten duten sen ezberdinekin konektatzen dira.

Diziplina hau bere arloan bakar bihurtzen duten eraginak hauexek dira:
Integrazio afektiboa: Pertsonen eta naturaren artean galduta dagoen batasuna berreskuratzea.
Berritze organikoa: autoerregulazio organikoa da. Trantze bidezko egoera berezien bidez zelulen eta funtzio biologikoen suspertzea ematen da, estresa txikituz, esaterako.
Bizitzaren berezko funtzioak berriz ikastea: Sentimenduen bitartez berriz ere bizitzea. Daramagun bizimoduak koherentzia eduki behar du bizitzaren jatorrizko inpultsoekin.

 

Biodantza munduan eta hezkuntza biozentrikoa


Gaur egun Brasileko zenbait unibertsitatetan, psikologiako karreran hautazko ikasgaia da eta mundu osoan zehar hedatu den diziplina; horren erakusgarri, mila irakasletik gora daudela da. Europan, Italian dauka jarraitzaile gehien, bertan aritu baitzen Rolando zenbait urtez diziplina lantzen. Espainian Biodantzaren Nazioarteko Fundazioan titulua eskuratutako 80 irakasle dabiltza.

 

Nori dago zuzenduta?


Biodantza praktikatu dezakeen edonorentzat da. Progresibotasuna, feed–backa edota errespetuzko hizketaldi eta entzunaldia aholkatzen zaio praktikatu nahi duenari. Adin guztietako jendearentzako egokia da. Iruñean, esaterako, teknika ezagutarazteko hastapen eskolak antolatzen dira. Ez da aurrez inongo ezagutzarik eduki behar, ez teknikari dagokionez, ezta dantzari dagokionez ere. Motibatuta egotea eta bizitzeko gogoa esperimentatu nahi izatea, arrazoi nahikoa dira parte hartzeko.

Rolando  Toro-k, 80 urte gora zituela, jarraitu zuen  bere dantzan. Gaur izarrekin inoiz
bukatuko ez den dantza batean sarturik dago.